blogak

After boltxebike

Macron, Le Pen eta ezkerra noraezean

Macron-Le-Pen mlp

Iparraldeko lagun batekin kafe bat hartzen ari nintzela, galdera bat bota nion: “Zure ustez zein da txarragoa, Macron edo Le Pen?”. Sarkozy edo Hollandekin bezala, nire erantzuna -galdera erretorikoa erantzun nahian- honako hau izan zen: “Ez dut uste Le Pen Sarkozy edo Hollande baino askoz arrazistagoa denik”. Hala edo nola, Hollande edo Sarkozy aipatzen dudan bakoitzean, beti dut buruan Errepublikako buruek bereziki Sirian edota Libian burututako sarraskiak eta eskuhartze ilegalak, beraiek jauzitako bonbetatik ihes egiten zuten errefuxiatuekiko jarrera lotsagarria ahaztu gabe noski. Macronen kasuan gainera -eta hemengo komunikabideetan aipatu ez den arren- beste plus bat badu politikari gazteak: bankuetxeen hautagaia izateaz aparte,  Rothschild familiarentzat lan egiten duela. Rothschild familiarentzat bai, munduko bankuetxe erdien jabe den dinastia tiranikoarentzat, munduko espekulatzaile handienentzat.

Bigarren itzulirako astebete falta dela, eztabaida bizia piztu da ezkerreko alderdi zein sektore abertzaleen artean: “Zer egin behar dugu? Abstentzioa? Txuri bozkatu?, Macron babestu Le Penek irabazi ez dadin?”, galdetzen diote buruari. Erreferentzia gisa, esan behar dut nik ez nukela sekula bozkatuko Le Pen, baino are gutxiago Emmanuele Macron stablishment-aren hautagaia; Politikan denak ez du balio, eta nire etsaiaren arerioa dena ez da zertan nire laguna izan behar. Le Pen-en aurkako “harresi” famatu hori ezin da aitzaki bat izan Macronen aldeko apustu egiteko. Inondik inora. Halere -eta apaltasunez esan behar dut- begibistakoa dena eta hauteskunde hauek utzitako ondorio garbienetariko bat da ezkerrak iparra galdu duela, aspaldian gainera. Abstentziorako deia egin dute ezkerreko hainbat alderdik, hori bai, aho txikiarekin, badazpada, aber gure miseriak eta hankatxoa begibistan utzi behar ditugun. Hori iruditu zitzaidan niri behintzat ezkerreko hautagai batzuen speetx post-elektorala ikusi ostean.

Eta hori da hain zuzen ere, frantziar politikaren dramarik handiera gaur egun: ezkerraren analisi eta hausnarketarako gaitasun eza. Bestalde, eta France 3 kate publikoan ikusi bezala, Le Pen hautagaia fabrika bateko hainbat langileekin batzartu da egunotan. Adierazgarria da -eta tristea aldi berean- CGTko sindikalista bat Le Penekin argazkiak ateratzen ikustea, baino tristeagoa iruditzen zait niri ultraeskuinaren gorakada “fenomeno natural” bat dela uste duten ezkertiarrak ikustea, edota Fronte Nazionala Euskal Herrian “garaitua” izan dela esaten duten abertzaleak ikustea (sic).

Fronte Nazionalaren gorakada testuinguru zehatz batean ematen ari da eta Europar Batasunaren inboluzio demokratikoak eragin handia izan du gorakada horretan. Honen aurrean, ezkerrak hausnarketa sakon bat egin beharko luke eta autokritika handia ere. Baino ez, ezkerra itsututa dago erabat eta posmodernismoak ere ez du asko laguntzen.

Frantzian Fronten Nazionalak kapitalizatu duena, EEBBetan Trumpek kapitalizatu zuen eta Grezian ordea ezkerrak kapitalizatu zuen, Syrizak alegia. Orohar, begibistakoa dena da Europako hegoaldean ezkerrak hegemonizatu ohi dituela posizio ‘antieuropeista’ horiek eta Europako erdialdean berriz, ultraeskuinari dagokiola paper hori. Ez da oso azkarra izan behar hortaz jabetzeko; Klase sozialekin lotura du kontu guzti honek edo hobeto esanda, klase apaleko elitista batzuen elkartasun ezaren ondorioa zuzena izan daitekela uste dut, desideologizazioaren ondorioz ezkerrak duen erantzukizun zuzena ahaztu gabe.

Errealitateak adierazten duena da Frantzian ez dela bigarren itzulik izango, plebiszito bat baizik. Ezkerrak ulertu ez badu ere, mundua ezin da ezker-eskuin ardatz batean ulertu gaur egun eta tamalez, Sobietar Batasuna orain dela 30 urte desagertu zen. Hau esanda, begibistakoa da datorren igandean ez dela proiektu politiko bat edo ideologia bat bozkatuko, herri baten subiranotasuna alde edo kontra bozkatuko da baizik: Liberalismo basatia vs protekzionismoa, atlantismoa vs subiranotasun nazionala, europar proiektua vs estatuak. Kasu honetan baina, zorritxarrez faxistek hegemonizatu dute borroka hori frantziar estatuan, zentzu batean ezkerraren ideologizazio faltari eta hausnarketa ezari esker.

Azken auzi bat bururatzen zait niri: Zer egin beharko genuke hauteskundeei begira? Niretzat ez dago dudarik. Iritzi apal bat den arren, langile frantziar batek telebistan esandakoarekin bat nator: “Lehen itzulian Melènchon bozkatu banuen bigarren itzulian berdina egingo dut, nahiz eta bere burua ez duen aurkezten”. Ni frantziarra izango banitz berdina egingo nuke: txuri, abstentzioa edo nulo bozkatuko, baino Macron bankuen hautagaia ez nuen sekula bozkatuko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07