Izan ere, nahiz eta ez dudan “esparzismoaren” apologia egin nahi -besteak beste, beharrezkoa ikusten ez dudalako-, gauza batzuk zehaztu nahiko nituzke “Migrazioa? Ez milesker” artikuluaren harira.
Lehenik eta behin, adierazgarria da tafallarrak jasotako deskalifikazio eta irain maila – nazi, faxista edota nazbol–, baina, batez ere, adierazgarriena da argudio politiko eza idazleak proposatutakoaren kontra egiteko; ados egon gaitezke ala ez -gauza batzukin ez nator bat-, baina aferak beharko luke izan ekarpenak egitea, eztabaidari eustea eta norberak bere ikuspegia argudioen bidez defendatzea. Hori da hain zuzen ere, politikariengandik espero beharko genukeena: pertsonen kezkei erantzun bat ematea, izan krisi soziala, krisi klimatikoa, COVID, erlijioa, etabar.
Esparzak egindako, hots gai bat mahai-gaineratzea, beti izan beharko luke eraikitzailea, baina ezkerrak, ohikoa den bezala, berriz ere beste alde batera begiratzea hautatu du Esparzak planteatzen duen gaiaren aurrean. Esan beharrean gaude, gai konplexua eta arriskutsua dela oso, baina proposamen ezak Euskal Herriko ezkerra amildegirantz eramatearen arriskua dakar. Frantzian edo Italian bezala; arazoak planteatzeko -eta konponbidea emateko- gaitasun faltak ultraeskuindarren garaipena ekarri du eta bidez batez Alderdi Komunisten erabateko hondoratzea ekarri du. Frantzia eta Italia, hain gertu dauden eta hain ondo ezagutzan ditudan herrialdeak gainera, izan ere iraganean bertara emigratu behar izan nuen, eta han ezagutu nuen zer zen emigratu bat izatea, penak barne.
Esparza aferara itzuliz, artikuluaren bi puntu azpimarratzea gustatuko litzaidake, nire ustez eztabaidarako oinarriak ezartzen baitituzte. Lehena, ebidentzia enpiriko dena, bi estatuk euskal subiranotasuna bahitu izana eta horren ondorioak lirateke; euskal estaturik gabe ezinezkoa zaigu erabakitzea. Eta bide horretan, ezinezkoa zaigu migrazio-politika humanitario bat garatzea, beharrean dena laguntzea. Bigarrena, aldiz, Esparzak egiten duena da planteatu arazoak errotik konpondu behar direla, hau da erradikala izatearen beharra. Laburbilduz, esan genezake gu zapaltzen gaituzten inperioek sortutako gerren ondorioak guk ordaintzen ditugula. Eta hori egia borobila da; Hor ditugu, besteak beste, migratzaileen heriotzak Bidasoa ibaian, fikziozko muga batean. Akaso, euskaldunok ordaindu behar ditugu frantziar eta espainiar inperialismoaren ondorioak?
Konponbideak planteatzera bidean, ez nuke hemendik alde egin nahi Siriako barne-errefuxiatuen egoerari erreparatu gabe, izan ere bertatik bertara jarraitu dudan afera izan da errefuxiatuena, bai Sirian baita Libanon ere. Barne-errefuxiatuak ordea, Lesbosen turismoa egiten duten mendebaldeko ekintzaile hipokritengatik ahaztuta daudenak direla esan daiteke. Beste batzuek ordea, errefuxiatuak fenomeno naturala bat izango balira bezala tratatzen dituzte, haien miseriaren jatorrian den arazo politikoa ukatuz. Bi eszenatoki nahi ditut aipatu:
2017. urtea, Jaramana auzoa (Damasko). Ehunka mila errefuxiatu siriar iritsi ziren auzora, Mendebaldeak eta haren ezkerraren zati batek -gaur egun Esparzari faxista deitzen dion eta Ukrainaren nazifikazioa babesten duen ezker bera- babestutako “oposizio-kide” -muturreko jihadistak- siriarren kontrolpean zeunden eremuetatik ihesi. Errefuxiatu pobreak ziren, Europara ihes egiteko dirurik ez zutenak, eta beren aurrezki guztiak kontrabandistei ordainduz xahutu zituzten, daeshen eremuetatik alde egiteko asmoa bakarrarekin; Jaramanan pilatuta bizi ziren errefuxiatuak, auzoko biztanleria laukoiztuz, eta, bizilagunen elkartasun osoa izan arren, bizi zituzten baldintza penagarrien lekuko izan nintzen : janaria, ura eta dirurik gabe bizi ziren.
Jaramanan bezala, Libanon ere egoera antzekoa zen. Beiruteko kaleetan botatako eta abandonaturiko errefuxiatuen artean ibiltzea zer den azaltzea zaila zait, ordura arte bizitako sentsazio bat zelako; guztira, sei milioi errefuxiatu zeunden, Libanok dituen lau miloi biztanleren gain. “Arazo bat da” aipatu zidan Libanoko Alderdi Komunistako nazioarteko arduradunak. Iritzi berekoa zen bere negozio txikian bi siriarri lana eman zien emakume armeniar hark: “Lagundu behar ditugu noski, baina egoera hau jasanezina da. Ea gerra amaitzen den eta etxera itzultzeko aukera duten” Hitz horiek nire buruan grabaturik ditut oraindik: elkartasun internazionalista, eraginkorra eta erreala behar dugu.
The post Jose Mari Esparza, beti nire taldean appeared first on After-boltxebike.