Diluitzen ari zaigu kontzientzia linguistikoa, besteak beste, garapenak zehar kalte batzuk ekarri dizkigulako. Honaino ekarri gaituzten politikek ez gaituzte eramango harago. Proposamen berriak egiteko garaia da, ilusio berriak sortzekoa, herri mailako erronkak jotzekoa. Herri bakoitzak izan beharko luke hizkuntza plangintza bat: ikastetxeekin, aisialdiko taldeekin eta gizarte mugimenduekin osatua. Izan dezala bakoitzak bere hizkuntza plangintza, herri mailako osotasun baten barruan.
Eskolak bakarrik ezin baitu euskararekin, bakarrik ezin duen bezala hezkidetzarekin. Eskolak ezin ditu berak bakarrik ikuspegi kritikoa dituen ikasleak sortu, edota feminismoarekin sentsibilizatutakoak. Edota ikasleen artean eskolan gero eta gehiago sumatzen den ezinegon eta ondoez orokortua konpondu. Eskolak bakarrik ezin du dena egin.
“Eskolak bakarrik ezin du” esaldia aldatuz, honako hau ere esan daiteke: “udalak bakarrik ezin du”. Baina, era berean, mugimendu sozialek ere muga nabarmenak dituzte. Beharrezkoa da elkarlana. Eta hori aldarrikatzera nator hona. Hezkuntzarekin hasita nahi bada, baina elkarrekin.
Zer da hezkuntza? Nola ulertzen dugu?
Herriko hizkuntza proiektua abiatzerakoan, garbi jakin beharko genuke hezkuntzan zer egin behar den. Horretarako hezkuntzaz zer ulertzen dugun definitzea ere beharrezkoa da, hezkuntzaren zertarakoa garbi jakitea. Honela ulertzen dut nik hezkuntza: ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta eraldaketa sozialerako tresna. Izan ere, hezkuntzatik gizarteko egoera onartu daiteke. Edo aldatzen saiatu.
Beraz, hezkuntza komunitatea ahaldundu behar da, hezkuntza komunitatea sortu. Hezkuntza denon beharra eta eginbehar dela jakinarazi. Hezkuntza hobetzea ardura soziala da. Denona. Ikastetxe bakoitzaren mugak gaindituz.
Hezkuntza. Etorkizuneko beharrak
Zeintzuk dira gizarte gero eta aldakorrago honetan hezkuntzaren etorkizuneko premiak? Zer irakatsi behar zaio orain eskolaratu den haur bati 2040an (eskola garaia amaitzen duenerako) euskal hiztun aktibo izateko? Zer konpetentzia, zer eduki landu beharko lituzke? Nola eta zer irakatsi beharko litzaioke? Zer aurkituko du 2040an?
Ez dakigu zehazki zer aurkitu duen orain eskolaratu den euskaldun horrek baina, izan beharko du:
Ondo. Baina nola lortu daiteke hori?
Herri erronka
Guk ere irudimena beharko dugu diskurtso baikor eta ameslari bat sortzeko. Kontakizun bat behar dugu. Euskarak lehen bazuen amets-dimentsio bat: etorkizun gizatiarrago baten hizkuntza izango zen, gizarte justuago baten hizkuntza, berdintasun mezu, mundu eta herri hobe bat ekarriko zuena.
Herrietan behar dugu hizkuntza proiektu bat. Herri amets bat, apustu bat, norabide bat. Ilusio bat. Gogo bat. Funtsean behar dugu Euskarazko hiri hezitzaile bat. Besteak beste elkarrekin erantzun ditzagun herri mailako galdera batzuk.
Herri hau denok ari gara hezten, ez eskolatik bakarrik. Eskola bakoitzaren hizkuntza beharrak baino herriaren hizkuntza beharrak zeintzuk diren jakin beharko genuke. Ikuspegia zabaldu. Eta egin ditzakegunak elkarrekin pentsatu:
Nola?
Elkarlana hasiz, sendotuz edo egokituz ikastetxe, udal, euskara elkarte eta aisialdiko elkarteen artean. Ekosistema koherente bat osatuz. Hartara, eskolako normalkuntza teknikaria ez da hain bakarrik egongo, ez udaleko teknikaria ere. Udala eskolari eta mugimendu sozialei begira jarri daiteke.
Lehentasun izango genituzke eskolak, eskola orduz kanpoko jarduerak eta lagunartean osatutako eremuak. Eta horietan eragin nahian antolatutako programek izan beharko lukete zutabe. Esaterako, eskola orduetan sortu daitezke ekimen gehiago: liburutegiak antolatutakoak, kultura sailak, euskara sailak…
Funtsean, laburbildu genezake guztia dekalogo batean edo 10 agindu emanez.
DEKALOGOA
Azken peredikua
Euskaldunekiko identitate sozial altua eta ahalduntze kolektibo altua adierazten duten pertsonek gutxiago adierazten duten pertsonek baino ongizate pertsonal, ongizate sozial eta parte-hartze komunitario handiagoak dituzte. Alegia, bizipoz handiagoa dugu euskararekin borrokan ari garenok, bizipoz pertsonal eta komunitario handiagoa. Inguratzen gaituzten talde anitzekin ditugun harreman emozionalek uste duguna baino pisu handiagoa izan dezakete pertsonen eta komunitateen ongizatean eta garapenean.
Elkarren arteko sostenguan aurki dezakegu aterabidea. Guztion ardura da. Ausardiaz eta konplexu gabe egin behar dugu. Euskaragatik. Lurragatik. Elkarri konfiantza eginez eta izua gure bihotza bihurdikatzera utzi gabe. Sinetsita mundu hobea egingo dugula, hizkuntzen mundu bat. Ez dugulako beste aukerarik.
Muxu bat denoi!
The post Euskarazko hiri hezitzailea helburu appeared first on 27 zapata.